Itzali dituzten izar guztiei

 

                Ilargiak lilura sorrarazi ohi digu, berari egozten diogu marearen gora-behera eta honekin batera lurreko bizitzaren gora-behera; noiz gauden emankor eta noiz dugun indarberritzera gordetzeko beharra.

                Baina, hotzean pentsatzen badugu, ilargian ikusten ditugun aldaketak, hilberritik hilbetera, galaxia oso baten mugimenduen erakusgarri dira; mugimendu horren ondorio da eguzkiaren argiaren islada modu batean edo bestean ikustea, baina ilargia bera ezta desegin eta birsortzen. Galaxia oso baten mugimendua nabaritzen dugu ilargiaren agerpen moduan, jakinarazpen sistema bat bailitzan.

                Honelaxe, ikusten zuten auzoko eta inguruko guztiak bera txukun, zintzo, abegikor, eskuzabal, baina zure argiaren islada besterik etzen.

                Hortaz konturatzen hasia zinen; behin hasierako lilura gaindituta, eta gertutik ezagutu ondoren bere alderdi ilunena, zeure argia itzaltzen sumatu zenuen eta zeu eta zureak berotzeko gaitasuna gutxitzen. Zeure burua gaixotzen sumatzen zenuen eta berak jarrera aldatu eta kalean erabiltzen zituen gaitasun horiek guztiak zurekiko martxan jarri ordez, zure ahultasunak bere begirada gehiago iluntzen zuela ikusi zenuen, iluntasuna eta hoztasunak besterik etzenuelarik jasotzen.

            Beragandik behar zenuen erantzuna jasotzen etzenuela ikusita beste behin, lotsa gainditu eta urteetan hitzegin gabeko lagun minari deitzen ausartu zinen, zulotik kanpora begiratzen ea bazegoen ikusiko zintuen norbait, zure argia elikatuko zuenik.

            Horixe izan zen barkaezina,zeure beharrei arreta jartzen hastea, zeure ausardia bereskuratu izana, zeure eskuzabaltasun eta abegikortasuna zeure buruari zuzentzen hastea. Orduan ikusi bait zue zu zeure argiaren jabe eginez gero bera itzal iluna besterik ez zela; eta beste inorena izan ez zedin, zeure argia itzali zizun, bere ustea, bere beldur sakonena, egi bihurtuta ikustean iluntasunak jan zuen bizitzeko modurik etzuelarik topatu.

            Kontuz gure semeei euren kabuz galaxia osoa kudeatzen dutela sinistaraztearekin; izan gaitezen guztiak izar, geure argia mantentzeko ardura geure eginaz.

                

Iruzkinak