Zergaitik?!

 


 

Emakumeenganako indarkeriaren inguruan hausnartzeko egunak izan ditugu, eta ixiltasunean ere geure burutxoetan sumatu zitekeen galdera: zergaitik? Zergaitik hil du emaztea bere sukaldean? Zergaitik ito du alaba?


Hori da emakume guztiok komunean dugun logika; maitasunak maitasuna dakarrela, ematen duguna jasotzen dugula. Eta aldi berean, logika hau da feminizidioa modu argian ikustea galerazten diguna; kanpo arrazoiak bilatzen bait ditugu eraso eta hilketei “logika” bilatzeko, honek aldentzen gaitu biktimagandik jakin gabe horixe dela bera erlazio horretan korapilatua mantentzen duena.


Maite dugun eta aukeratu dugun horrek boterearen logika jarraitzen duela ulertzea asko kostatzen zaigu. Erlazioak ulertzeko bi modu dira; batak lotura sortu nahi du elkar ulermen eta adostasunetik, eta besteak boterea duela ikusi behar du norbait sentitzeko eta bere behar hori da printzipala, emakumeak helburu horretara iristeko erabil daitezken tresnak dira, emakume baten miresmena eta obedientzia baita gizonari balioa ematen diona. 


Ohiko galdera izaten da ea zerk egiten gaituen zaurgarri biolentzia matxista jasatera erlazio batean eta erantzuna sinple bezain beldurgarria suertatzen da; barneratuak ditugun eta inkonzienteki garatzen ditugun genero estereotipoak eta maitasun erromantikoak. Geure autoestimua eta lagun sarearen kualitatearen araberakoa izango da historiaren garapena eta ondorengo berrindartzea. Norbere gaitasunak bezain garrantzitsua da gertuko sare sendo eta presente bat izatea, eskuzabala geure maiteminarekiko baina aldentzeko prest ez dagoena; boterea aislamenduan eta sekretuan handitzen baita.


Zergaitik iraintzen, inbaditzen, bortxatzen, bakantzen, beldurtzen, jazartzen gaituzte? 12 urteko haur batek aitak amari erantzun ziola esan zuen moduan “ Ahal dudalako eta nahi dudalako”

Iruzkinak