Ingurumaria

 


 

Azkenaldian pentsatzen nabil zein nolako pentsamendu motak elikatzen ditugun eta honek duen eragina norbere identitate eta gaitasunetan. Izaki sozialak garen einean, ingurua eta ingurukoekin ditugun sentipenak asko baldintzatzen gaituzte; onartua sentitzeak balio digu geure burua onartzeko baliozko gisa eta horrek errazten digu gainontzeko funtzioen garatzean.Baina ohikoa izaten ari da egoeretaz beharrean indibiduoetaz hitzegiten entzutea jendeari; norbanakoa patologizatuaz ingurumaria ezabatzen dugu. Honela, erasotzaileak sortzen ditugu euren gizatasuna ezabatuz, etiketa bat gailenduz. 

    Eskoletako patioez ari naiz. Zenbait haur identifikatzen ditugu arazo sortzaile gisa, haur guztiek euren argi eta ilunak dituztela onartu beharrean, geureak ere. Honengaitik mantentzen dira dinamika kaltegarriak, honek hari egin dion zerbait gisa ulertzen dugulako eta ez inguruan zeuden guztiek elikaturiko talde dinamika gisara. Nola komunikatzen gara herritarrok, espazio publikoen nolako erabilera egiten dugun, zein motatako herritarrak dauden erabakiak hartzen eta herriko bizitza antolatzen; kodigo guzti hauen inguruan hausnartzen badugu soilik ulertuko dugu zer gertatzen den eskolako patioan.

    Sentipen edo emozioek badute zentzu historiko bat eta baita ingurumarirako egokitzean  ere; norberak duen nortasunaren araberako joerak ditu( zentzu historikoa), eta beti inguruarekiko interakzioan sortzen dira (onartua/taldearentzat baliozkoa izatea). Beraz, arlo indibidual bat eta arlo sozial bat dute; biak aztertzean ahalko dugu gertatzen denaren inguruko hipotesi zuzenago bat osatu, eta nola lagundu pentsatu.

    Globalitatea errealitaterik zehatzenean ere islatzen den modura, geure ingurua eraldatuz soilik ahalko dugu putzada txiki bat tsunami bilakatu.

Iruzkinak