Hiltzearen beldurrez,bizitzeari utzi?

 


Oso kezkatua nago bizi dugun egoerarekin, batez ere denbora gehiegian mantentzen ari delako eta noiz artekoa izango den aurreikusterik ez dagoelako. Birusa edo gaixotasunagatik kezkatua nagoela pentsatuko zenuten lehen esaldia irakurtzean, baina nere kezka bestelakoa da. Neure osasun arloa beste bat baita, alde batera utzi ezin duguna.

    Birusarekiko gain-informazioak heriotza edozein objektu, kontaktu eta egoeretan aurki dezakegunaren sentipena sorrarazi digu eta denbora luzeegian mantentzen ari da alerta egoera finkatuaz gure egunerokotasunean. Tentsio emozional honek gain-nekea dakar, geure burua babestea besterik ez izatea buruan, egoeraren analisi sosegatu bat egitea erabat ezinduz. Honela, garai hauetan ohiko bihurtu daitezke lo arazoak eta antsietatea egunerokotasunean pentsatu gabe burutu ohi genituen zenbait aktibitateri aurre egitean. 

    Esan ohi da, hilgarriak garela onartu arte ez dugula bizitza apreziatzen eta aprobetxatzen; orainari heltzen eta momentu txikiez gozatzen ikasten, hemen eta orain egoten, dugunataz disfrutatzen.

    Ni behatzailea izan naiz beti eta inguruan sumatzen dut osasuntsuen daudenak dutela beldur handiena; bizitzan kolpatuak izan garenak onartzen bait dugu bizitzak astindu gaitzakela gure tenplea jokoan jarriaz, baina horrek ez digula bizitzea galaraziko. Bizitzea bizirautearen oso bestelakoa da ; momentua bizitzea erabakitzen dugunean bizitzaren argi eta ilunak onartuaz maite dugun horretan aritzea eta barrua elikatzen digun horretan ekitea, eta goxatzen gaituztenekin egotea erabakitzen dugu.

   Iluntasunari neurria jartzeko ordua da; argi dago ez dugula hil ezta gaixotu nahi, baina nola nahi dugu bizi?

Iruzkinak