Errelatoaren garrantzia

 


Berriz ere bor-bor dabiltza nerabeak guztion ahotan. Akaso, bidaiatzen ari diren bakarrak dira? Parranda egiten ari diren bakarrak dira? EZ! Baina migratzaileen antzera, ahots publikorik ez duen kolektiboa izanik kategoria arrotz gisa kokatzen ditugu (gutakoak ez direnak) eta mugarik gabeko kritikak zuzentzen dizkiegu kale izkinetan zein komunikabideetan.

    Ahaztu zaigu guztiok bizi izan dugula lagunartearen grina, askatasun egarria, norbere arauak finkatzeko beharra nortasuna garatu nahian, urtez urte etxeko mugen malgutzearen negoziazio etengabea etab.

    Urte t´erdiz alde batera utzi dituzte euren garapen beharrak guztion onuraren alde, guraso eta aiton amonen osasunaren ardura bizkar gainean bota diegu (askok izendatu didate urte honetan zehar zeinen pisutsua den karga hori), ikasketetan izugarrizko gain-esfortzua eskatu zaie metodologia  eta plangintza berrietara egokituz argiaren abiaduran. Kurtso honetan zehar herri ezberdinetako ikastetxeekin koordinatu izan naizenean guztiek azpimarratu dute haur eta nerabeak eredugarriak izan direla babes neurrien mantentzean lehen egunetik, klase presentzialak mantentze aldera prest zeudelako esfortzua egitera.

    Nik neuk esan nahi dizuet, nerabeoi, izugarrizko sakrifizio gaitasuna adierazi duzuela, ingurukoak zaintzeko zeuen beharrak alderatzeko gai izan zaretela modu eredugarrian eta merezita duzuela uda hau gozatzea elkarrekin. Eskerrikasko bihotzez gauzak errazteagatik!

Iruzkinak