Egia ala gezurra

 


Honela formulatzen dira maila guztietako azterketak , baita psikologia test-ak ere; erabaki behar dugu esaldiak diona egia al den bere osotasunean.

    Andoaingo erregearen “traizioak” gaur egun egiarekin dugun erlazioaz hausnartzera eraman nau. Engainuz beteriko informazioa jasotzen dugu bide ezberdinetatik,  gure haurrek ere bai. Noizbehinka klikatzen dugu kuriositatez eta liluratzen uzten gara, gure haurrak bezala. Gai al gara egia gezurretik bereizteko?Hari al gara gure haurrak horretarako prestatzen?

    Haurtzaroan oraindik bigunak, malguak eta irekiak egon ohi gara; egia anitzak izan ditzakegu, aldakorrak, kontrajarriak, arrazoi hertsiak mugatu gabeak oraindik. Haurrengan dago errealitatea ulertzeko gogo bizia, “zergatik?” galdera amaigabea dutelarik metodo zientifikoa.

Honela, fantasia eta irudimena haurraren baliabide bat da ez dakiena osatzeko eta nahi duena islatzeko; errealitatean gauza bortitzak edo ulergaitzak gertatzen direnean oso baliagarria zaielarik hau. Baina gabonetako fenomenoa bitxia da; fantasiaren munduko pertsonaiak norbere herrian agertzea eta pertsonaia horren irudikapen zehatz hori benetakotzat “saltzen” da helduon arrazoia erabiliaz ( mozorroak pertsonaia osatuko dutelakoan, haurrak euren magia ikusteko zain dauden bitartean). Gabon guztietan bultzatzen ditugu haurrak ikusten eta nabaritzen duten hori ukatu eta esaten duguna sinistera, mozorroturiko heldu ezezagunen magalean eseri eta musuak ematera opariak jasotzeko prest. Ematen du zer pentsatua.

Iruzkinak