Beldurra

 


 

Azken hilabeteetan beldurrarekin bizitzen ikasi behar izan dugu orainarte sinesgaitza zitzaigun dimentsioetan. Beldurra birusa baino kutsagarriagoa eta kutsakorragoa da; eusten eta mugatzen ez badugu DNA-rarte sartzen zaigu gorputz osoa kutsatuaz, eta hau gertatuz gero izoztu egiten gara, geure burua babesteko beharra gailentzen da eta arrazonamendurako eta hausnarketarako gaitasuna blokeatzen dira. Momentu horietan geure babeserako dela ulertzen dugun edozer gauza egin genezake analisia eta norbere kriterioa alde batera utziaz.

    Maila honetako beldurra denboran mantentzeak kalte handia egiten digu bai emozionalki eta bai fisikoki; edozein emozioren espresio bortitzenek denboran irauten badute. Traumaren definizioa horretan oinarritzen da, izozten gaituen emozio sakonegi bat denboran mantentzen denean, geure funtzionamendu psikiko eta físikoan eragin iraunkorrak sortzen ditu.

    Honetaz hitzegiten ez dut inor entzuten, eta funtsezkoa da geure buruaz eta besteetaz jakitea prozesu post-traumatiko batean murgilduak gaudela eta beharrezkoa dela hau onartzea, geure buruari  sentitzeko baimena ematea, eta berregituratze prozesu honetan nahasmen momentuak izatea. 

    “Normaltasun berria”-ren kontzeptua errazegi barneratu dugula dirudi eta guztiok gabiltza normaltasun bila gertatua ahaztea baimentzen diguten planak eginaz. Baina gertatuaren hatsa geure gorputzetan dugu, beldurrez egon garen bitartean ezin izan dugu hausnartu eta geure analisi propioa egin; orain da elkarrekin eseri eta bakoitzak nola bizi izan duen elkarbanatzeko eta bizitza sozialera zabaltzen goazen honetan nola sentitzen garen behatzeko, ez garela berdinak onartuz.

Iruzkinak