Barne ahotsa

 


Iada 19 urte dira psikologiako lizentziatura amaitu nuela, eta oraindik orain terapia lanak zertan datzan galdetzen didatenean zaila egiten zait hitz gutxitan azaltzea. Sarritan galdetzen didate “baina saioetan, hitzegin besterik ez da egiten?”.

    Sarrionandiak badu liburu bat, “Ainhoari gutunak”, eta bertan badago kontakizun labur bat izugarri gustuko dudana “Hitzekin jolasean”. Berton islatzen da nola hitzak geureganatzeko lehenik esanahiez husten ditugun ondoren geure bizipenei loturiko esnahiaz beteaz. Honela, zuhaitza hitzak ez du esanahi berbera izango hirigunean hazi den ume batentzat edo baso baten alboko baserrian hazi denarentzat.

    Hau da bakar eta berezi egiten gaituena, geurea bakarrik den hizkuntza hori, geure bizipenetan oinarrituriko hizkuntza. Ume garenean, hizkuntza barneratu eta mundua ulertu nahian, sortzen dugu hizkuntza hau; geurea, mundua ikusteko eta interpretatzeko geure modua. Baina handitzen goazen einean hizkuntza ofiziala, balioa duena ikasten saiatzen gara. 

    Honela, hainbat ahots izan ohi ditugu barruan; ikasle ona izaten erakutsi nahi diguna, lagunartera egokitzen, alaba, emazte, ama, herritar ona izaten etab. Egoera askotan talka egiten du geure ahotsak beste hauekin eta sarritan geureari kentzen diogu balioa gatazka ez sortzearren. 

    Geure barne ahotsa isilarazteak, geure barne hizkuntza hori alde batera uzteak, sortzen du sufrimendu emozional edo psikikoa. Eta esan genezake terapia espazioaren helburua barne ahots hori berreskuratu eta indartzea litzatekela.

Iruzkinak