Hartu-emana



         Pantailen garaian bizi gara, geroz eta denbora gutxiago pasatzen dugu aurrez aurre, elkar begiratu, behatu, entzun, sentitu...Eta jakina da praktikatzen ez duguna ahaztu egiten dugula. 
           Lehen haurtzaroan bizirauteko ikasi beharrekoa dugu hartu-emanaren dantza, zaintzaileak gustura edukitzeak onura handiak ematen bait dizkigu; gogoz erantzungo dute gure beharretara ematen dutenak buelta baduela nabari badute, eta oso baliotsuak sentituko gara gutaz espero duten hori ematen badiegu.
           Bestea dugu ispilu, guganako begiradan nabari dugun hori islatzeko joera dugu; gai garela adierazten badigute ausart ekingo diogu, indartsu ikusten bagaituzte beldurrak uxatuko ditugu. Txanpon guztiek dituzte bi alde, eta bere garaian banantzea ez badugu modu egokian egiten norbanako bereizi bat garenaren kontzientzia hartuaz, besteen begiradei katiatuak geldituko gara mendekotasunaren sarean.  
          Orain gutxi entzun nuen emakume batek ziola gurasoen sinismenak bereak egin zituela eta zenbait arau bereak egin zituela ez beretzat funtsezkoak zirelako baizik eta honela bizitza errazten zielako gurasoei. Gure indibidualtasunaren zatitxo bati amore ematen diogu batzutan kolektiboaren mesedetan, batez ere gure lehen kolektiboa den familiaren mesedetan. Beti ere, dantza horretan erritmoa eramaten ikasi behar dugu, batzuetan olatuan murgildu behar garen moduan kontra egin beharrean, galera eta onurak aztertu ondoren erabakiaz komeni zaiguna. Chiozza-k dion moduan itsaso nahasian eramaten utzi behar gara, baina beti ere norabidea mantenduz.


          Norbere izaera besteen begiradatik at ere sortu beharra dugu geurea senti dezagun; hartu-emanaren dantza ezagutu eta menderatzean onura handiak ekarriko dizkigu kontestu ezberdinetan, baina dantzan gaudenaren kontzientzia badugu eta geure nortasuna jokoan jartzen ez badugu kontestu bakoitzean. Lan kontestuan laudoriorik ez jasotzeak geure balioa zalantzan jartzen badigu, bikotearen begirada miresmenekoa ez denean hutsak sentitzen bagara, edo erlazioetan ematen dugun neurrian jasotzen ez badugu zerbait gaizki egiten ari garela sentitzen badugu, hartu-emanaren dantzaz dugun jakituria berrikusi beharrean gaude.
                       
       Barne joera hauei eransten badiegu kapitalismoa, erlazioetaraino sartu zaiguna, afektuak kontabilizatuz “gustuko”-ekin, ekonomiaren printzipioak geure bizitzan txertatuz arrakasta produktibitatearekin eta ikusgarritasunarekin lotuaz; eta patraiarkatua ,erlazio orotan boterearen ardatza finkatuaz, autoestimua besteek diguten obedientzia mailarekin lotuaz eta sentiberatasuna eta eskuzabaltasuna ahultasun gisa ulertuz….
      Hainbeste erritmo ezberdin batera jokoan, zaila da erritmoa eramatea oreka galdu gabe, dantzan ikasi beharrean gaude.

Iruzkinak