Amamak

               Bi amama beharrean lau izateko zortea izan dut, odola ez baita lotura egiten duena, eta zirauen bakarra zendu da. Belaunaldi oso bat hutsik neure gogoan, eta ardura sentitzen dut, euren jakituria mantendu eta zabaltzekoa. 

               Kandidataz ezin dut asko gogoratu, lehen urteetan soilik izan bait genuen aukera elkarrekin egoteko; badakit ingurukoak zaintzen pasa zuela bizitza gogor lan eginaz. Joxepak bazuen amama izateko griña eta hala onartu gintuen; nolako artea zuen oiloak zaintzen eta baratzari probetxua ateratzen.
                Merche berriz, kalean bizi arren lokatza azalean sentitzeak sentiarazten zuen bere lekuan eta animaliekiko lotura berezia zuen, neuk bezela. 
               Kontxi joan zaigu azkena, Juanito hil zen garaietan joan da, bera topatu nahian edo… Euskaldunon aintzinako ofizioa izan zuen, hiru probintzietako larreak ezagutzen zituzten euren ardiek, eta tirriki tarraka horretan, bizitzeko behar zuten guztiaren artean sei seme-alaba zeramatzaten. 
                Lana eta zaintza uztartzearen zailtasunak belaunaldi berrienak direlakoan gaude, baina emakumeok betidanik lan egin dugu latz, guri falta zaiguna eurak zuten komunitatea da. Naturari lotuta bizitzeak geure buruaz haratago dagoenaren kontzientzia ematen digu; herri edo hirietan bizi gara natura geure zerbitzura dagoelakoan; ez dugu zahartu nahi, gaixotasunei beldurrez bizi gara, eta heriotza dagoenik ere ez dugu jakin nahi. 
               Geure esku ez dagoena lasaitasunez onartzeko gai bagina gutxiago sufrituko genuke; eta hau ez dago liburuetan, amamen jakiturian baizik.

Iruzkinak